EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 2 2003/03 »  Egin ezazu saioa!: sofbola

Egin ezazu saioa!: sofbola

Beisbolaren anaia nagusia





Sofbola, zer da hori? Askorentzat kirol ezezaguna da, baina gaztetxo askok horren berri izango dute, Eskola Kirolaren barnean dagoen kiroletako bat delako. Hala, 10-16 urte dituztenek sofbolean aritzeko aukera dute Gipuzkoan, Foru Aldundiak antolatzen dituen ikastaroei esker. Ikastetxearen instalazioetan bertan burutzen dira ikastaro horiek ahal izanez gero, eta Gipuzkoako Beisbol eta Sofbol Federazioa arduratzen da irakaslea jartzeaz.

Beisbolaren antz handia duen kirola da sofbola, eta askorentzat sofbola beisbolaren anaia nagusia da. Sofbolean, ordea, zazpi lasterkalditara jokatzen dira partiduak, eta talde batek besteak baino lasterkaldi gehiago egitea da helburua. Hona hemen nola lortzen den lasterkaldi bat: hasierako base edo hometik ateratzen da bateatzailea korrika –jaurtitzen dioten pilota batearekin astindu ondoren– eta inguruko hiru baseetatik igaro ostean, berriro homera bueltatzen da.

Hasieran, dibertitzea helburu

Gaztetxoak, ordea, sofbolari buru-belarri heldu aurretik, ostiko-beisbolean aritzen dira, arauen nahiz oinarrizko taktika errazenen berri izateko. Sofbolaren ikuspegi ludiko eta dibertigarria ezagutuko dute horrela. Alde taktikoari, berriz, ez zaio jaramon handirik egiten; hor ikastaroan aurreragorako uzten da. Hala, Atari zabaleko eta areto barruko sofbola dago, eta hiru modalitatetan bereizi behar da: aldatutako jaurtiketa azkarra, jaurtiketa azkarra eta jaurtiketa mantsoa.

Gipuzkoa aldean, batez ere, pixkanaka ezagutarazten ari den kirola da sofbola. Eta lehen aipatu ikastaro horiez gain, lehiaketak ere badira kategoria askotan. Emakumeen sofbolean, adibidez, Espainian jokatzen den maila gorenean –Ohorezko Mailan– hiru euskal ordezkari dabiltza: Orioko Bate Bizkorrak taldea, Irungo San Marcial eta Iruñea taldea.







Liga mistoak

Horiez gain, gizonezkoen ligak ere badira, baita mistoak ere. Guztira, hamahiru klub daude Euskal Autonomia Erkidegoan: bat Araban, hiru Bizkaian eta bederatzi Gipuzkoan. Donostian ere bi klub daude: Atlético San Sebastián eta Egiako Taldea. Beraz, gazte, Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Federazioak antolatutako ikastaroaren ondoren, sofbolean jarraitu nahiz izanez gero, hor dituzu bi talde horiek.

Historialari batzuen arabera, Lewis Roger estatubatuarra izan zen 1895 urtean sofbola asmatu zuen gizona, eta 1900. urtean jokatu zen lehen liga, hiri horretan bertan. Gimnasioko joko bezala sortu omen zen sofbola atari zabalean jokatzen hasi aurretik. Nazioarteko Sofbol Federazioa, berriz, 1952an eratu zen, eta bere helburua Munduko Txapelketa antolatzeaz gain, kirol hori ezagutzera ematea zen. Hala, 1965ean Munduko I. Sofbol Txapelketa jokatu zen Australian. 1965ean bost herrialde soilik zeuden nazioarteko federazioan; 1985an, berriz, 53.











Beisbola eta softbolaren arteko ezberdintasunak


Materiala: sofboleko pilota beisbolekoa baino astunagoa eta handiagoa da. 141,75 gr pisatzen du; beisbolekoak, berriz, 198,45 gr. Batea, ostera, beisbolekoa luzeagoa, zabalagoa eta astunagoa da. Sofboleko eskularruak beisbolekoak baino handiagoak dira normalean.
Zelaiaren neurriak: beisboleko zelaia sofbolekoaren bikoitza da ia-ia. Beisboleko zelaian, gainera, pilota jaurtitzen duen tokian tontortxoa dago.

Araudia:


Jaurtiketa: sofbolean jaurtiketa gerri azpitik egin behar da. Jaurtitzaileak home edo lehenengo basera jaurtiki behar du. Beisboilean, homera edo edozein basetara jaurti daiteke, horietan korrikalariak badaude.
Aldaketak: sofbolean aldatzen diren jokalariak berriro jokatzera itzul daitezke; beisbolean, ez.
Partiduen iraupena: sofbola 7 lasterkalditara jokatzen da eta beisbolean 9tara.
Bestelakoak: jaurtiketaren araberako modalitateak daude sofbolean; ez, ordea, beisbolean.


Oinarrizko materialak


Batea: Nazioarteko Sofbol Federazioak onartutako pieza material gogorrez egindakoa behar du izan: egurrezkoa, metalezkoa, banbuzkoa, grafitozkoa, magnesiozkoa, beira zuntzezkoa... Gehienak aluminiozkoak eta egurrezkoak dira, dena den.
Pilota: 30-31 zentimetroko zirkunferentzia izan behar du, eta 180-200 gramoko pisua. Forma erregularrekoa da.
Eskularrua: 13 cm baino gehiagoko luzera ez du izango. Jaurtitzailearen eskularruaren kanpoaldea kolore bakarrekoa da.
Hartzaileak: bere postuan jokatzen ari denean, hartzaileak aurpegi-babesa erabili behar du. Horrez gain, babes-kaskoa ere izan behar du, pilotak aurpegian joz gero minik ez hartzeko.
Petoa: hartzaileak erabili behar du, pilotak bular aldean joz gero ere minik har ez dezan.
Zango-babesak: hartzaileak jarri behar ditu hanken aurrealdean, pilotak hor joz gero minik ez izateko.
Bateatzeko kaskoa: derrigorrezkoak dira bateatzaile eta korrikalarientzat, eta kolore askotakoak izan daitezke.
Bateatzeko eskularruak: ez dira beharrezkoak, baina bateatzeko erabiltzen dituzte.