Imprimatzeko bertsioa Inprimatu   
 

sofbola » krafft donostiako atletiko

Igandean hasiko da nesken Ohorezko Mailako Liga

Talde gaztea den arren, aurkariei aurre egin nahi die Krafft Donostiako Atletikok

naroa balsategi

Atzo aurkeztu zuen Gipuzkoako Beisbol eta Sofbol Federazioak asteburu honetan hasi behar duen nesken Ohorezko Mailaren Liga.

Krafft Donostiako Atletiko da maila honetan, Donostiak duen ordezkaria eta Odilo Ribela taldeko presidenteak esan zuenez «talde gaztea da Ohorezko Mailan duguna. Senior kategoriako jokalariak ditugu, baina horretaz gain jubenilak direnak ere talde honetan aritzen dira jokatzen». Taldekideen adina eta maila hain desberdina izanda, sailkapeneko beheko postuetan egotera ohituta daudela adierazi zuen Ribelak. «Orain hiru urte lortu genuen lehen aldiz Ohorezko Mailan jokatzea. Une honetan helburu xumeak dira geure taldeari jartzen dizkiogunak, baina hala ere denboraldian izaten diren partida eta txapelketa guztietara joaten gara».

Aurten hala ere, berritasunik ere badu Krafft Donostiako Atletikok. «Cortney Nickerson AEBtatik etorritako entrenatzaile berria da, jokalari bezala ere aritu da gurekin, eta aurten entrenatzaile lanak egingo ditu. Honekin batera Jesika Rodriguez jokalari berria izango da Atletikon jokatzen; kalitate handiko jaurtitzailea da», azaldu zuen Odilo Ribelak.

Krafft Donostiako Atletikoko jokalaria den Ana Maria Cuestak bestalde, denboraldiarekin hasteko irrikitan daudela esan zuen. «Izugarrizko gogoak ditugu Ligako partidekin hasteko. Orain gutxi gainera Orioren kontrako partida jokatu genuen eta gu irabazteko lan handia egin behar izan zutela ikusi ondoren, jokatzeko gogo handiagoa dugu», adierazi zuen Cuesta jokalariak.

Federazioko presidente Ricardo Garrek bestalde, sofbolak aurrera egin behar duela azaldu zuen. «Gipuzkoan sofboleko eskola egon badago, gero eta ume gehiago ditugu gure taldeetan. Goreneko mailan hala ere, gure neskak ezin dira behar bezala prestatu, zelai egokiak ez daudelako».

Krafft Donostiako Atletikoren lehen aurkaria Madrileko Dridma taldea izango da. Norgehiagoka Herrerako zelaian izango da etzi, 11:00etan.




 
© Donostiako Hedabideak S.L.