Imprimatzeko bertsioa Inprimatu   
 



softbola »

Softbola, ezohiko

kirolaren adibide

Arramendi Koldo Mitxelenak nesken bi talde ditu bere gain:

Kadeteen Mailan bata, Gazteen Mailan bestea


ekaitz arrieta

Softbol kirol ezezaguna bada ere, herrian badago Arramendi Koldo Mitxelena Softbol taldea. Emakumezkoen bi talde dituzte: kadeteak eta gazteak. Kadeteetan 13-14 urteko neskak aritzen dira, eta Gazteen Mailan, berriz, 16 urtekoak. Iazko ekainean Langaitz Ikastolan sortu zuten sofbol taldea. «Oso ibilbide motza daramagu», esan du Isabel Pintok, Arramendiko presidenteak.

Euskadiko Softbol Federazioko presidenteak animatu zituen taldea ateratzera. «Gipuzkoan badaude talde batzuk, eta sofbola aurrera ateratzeko ahalegin handiak egiten ditugu. Hala ere, instituzioen aldetik laguntza asko behar dira, eta, horrez gain, futbol zelaiak eta kiroldegiak», adierazi du Arramendiko lehendakariak.

Denboraldia bi zatitan banatzen dute. Lehen zatian, hau da, azaro ingurutik otsaila edo martxoa bitartean, leku itxi batean jokatzen dituzte partidak. Kiroldegietan, normalean. Apiriletik urrira bitartean, berriz, leku irekitan jokatzen da, eta Arramendi taldekoek Beraungo futbol zelaian jokatzen dituzte euren partidak. «Jokoan ere aldaketak ematen dira; kiroldegian jokatzen denean 40 minutu irauten dute partidek, eta futbol zelaian jokatzen dutenean, 120», dio Pintok. «Hala ere, teknika ez da asko aldatzen zelai batetik bestera».

Ezohiko kirola

Arramendiko presidenteak softbola ezohiko kirola dela dio, hainbat arrazoirengatik. «Taldeak beharrezkoak dituen tresnak nahiko garestiak izaten dira: eskularruak, batea, kaskoa eta abar». Atezainak ere babesteko materiala erabiltzen du. Baina garestia izanagatik ere «oso ikusgarria» dela nabarmendu du Pintok. «Beisbola bezalakoa da baina aldaketa batzuekin, ahalik eta lasterketa gehien egitea da helburua».

Astean bitan entrenatzen dute taldeek, bi ordu egunean. «Asteburutan partidak izaten ditugu; sasoi honetan Beraunen izaten dira eta Kirol Patronatuari eskerrak eman nahi dizkiogu, asko laguntzen gaituelako, zelaiak uzteko orduan, batik bat», aitortu du Pintok. Irailean entrenatzeko arazoak izango dituztela diote, «kirol ezberdinetako talde guztiak entrenatzen hasten direlako». «Futbola hesi bat da gainontzeko kirolentzako; beraz, libre gelditzen diren orduetan entrenatu behar izaten dugu», nabamendu du presidenteak.

Etorkizunari begira, taldeak egonkortzea nahi dute Arramendikoek; horregatik, neskei dei egin diete softbolean joka dezaten. Kirol dibertigarria delako.




 
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L.